XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

esentzia ez legoke agintearen antolamenduan, ez eta gobernu eta botere-grinan (menperaketan), askatasunaren ezarpenean baizik.

Boterearen eremua gizakiak elkarlanean jardutean ageri da.

Boterea ez baita inoiz gizabanako baten jabetza; aitzitik, taldearena da, eta taldea elkartua mantentzen den bitartean irauten du botere horrek.

Hau da, nolabait, potestas in populo, herri edo talderik gabe ez dago botererik, eta taldea desegiten denean, baita boterea ere.

Zentzu honetan, botere kontzeptua eta aginpidearen kontzeptua nahiko antzekoak dira, honen ezaugarria zera baita: obedientzia eskatzen zaien haiek berehala onartzen dutela, derrigortze edo limurtze beharrik gabe.

Bestalde, Arendtek boterea eta indarkeria argi eta garbi bereizten ditu.

Botereak (legitimoak, jakina) ez du besteen borondatea erabiltzen, instrumentalizatzen, bere helburuak lortzearren; aldiz, borondate komunean oinarritzen da, beste kideekin bat etorrita jokatzen du. Indarkeria, aitzitik, ekintzaren alderdi instrumentalean kokatzen da.

Hori da bere ezaugarri nagusia.

Izan ere, indarkeria beti bitarteko bat da beste zerbait lortzeko, eta bitarteko guztiek bezala gida eta justifikazio bat behar du bilatzen duen xede hori zuritzeko.

Indarkeria ez dago iritzi edo kopuruaren eskuetan, tresnen eskuetan baizik, horregatik da hain arriskutsua, indarkeriaren tresnek, tresna guztiek bezala, gizakien ahalmena areagotzen eta handitzen baitute.

Egoera normaletan, boterea eta indarkeria konbinatzen direnean, boterea izan ohi da alderdi nagusia, agintzailea.

Baina bata eta bestea huts-hutsean aurrez-aurre jartzen direnean (inbasio bat gertatzean, esaterako), indarkeriak boterea suntsi dezake, zapaldu eta obedientzia eragin; ezin dezake, ordea, dena den, boterea (legitimoa) sortu.

Horregatik, boterea politika demokratikoaren oinarrian dago, baina ez horrela indarkeria.

Beste hitzetan esanda, boterea gobernu guztien esentziari dagokio, ez ordea indarkeria.

Nazionalsozialismoarekin izandako esperientzia pertsonalak argi erakutsi zion Arendti indarkeriak beti askatasuna zapal eta suntsi dezakeela, totalitarismoa ezarriz.

H. Arendtek izua eta indarkeria ere bereizten ditu: Izua eta indarkeria ez dira gauza bera; indarkeriak botere oro suntsitu ondoren ez duenean amore ematen, baizik eta botere osoz jokatzen diharduenean, egon ohi den gobernu-mota da izua.

Izuan oinarritutako gobernuak sistematikoki jazarri ohi ditu herritarrak, beren atomizazioa bultzatuz; horrela, sistema hauek beren burua suntsitzera jo ohi dute, etsaien kontra ez ezik, azkenean laguntzaileen kontra ere jotzen baitute, botere ororen beldur baitira.

Horrela, izuaren gailurra izan ohi da polizi-estatuak bere kideak ere irensten hasten denean, eta azkenean bere botere osoa galtzen duenean.

Finean, gure pentsalariak politikaren arloa askatasunaren eremura mugatu nahi izan zuen, izpiritu demokratikoak bultzatua, elkarrizketaren eta onespenaren eremura, indarkeria oro gaindituta.